Suomitar elkartearen historia
Suomitar Euskal Herria-Finlandia kultur elkartea 2000. urtean sortu zen Gipuzkoan, eta gaur egun dozenatik gora bazkide ditugu. Hasieran bi herrien arteko kultur trukaketa izan zen elkartearen interes gune nagusia. Urteak joan ahala, alabaina, munduko lehenengo euskara-finlandiera hiztegia osatzea bihurtu da lehentasun nagusia.
Ia 9.000 sarrera dituen, eta urte luzeetako lan tinkoaren fruitu den proiektu honek, azkenean, 2012ko abenduan ikusi du argia. Auzolanean egindako hiztegi hau bi kulturaren arteko elkarlanaren ondorioa da.
Suomitar elkartearen hiztegi-proiektuak luze jo duen arren, prestaketa lana irmotasunez gauzatu da, euskaldun eta finlandiarrongandik espero daitekeen bezala. Elkartea geure poltsikotik finantzatzen dugu, oraingoz ez baitaukagu inolako diru-laguntzarik. Euskara eta suomierarekiko (finlandierarekiko) daukagun maitasuna da lan hori egitera bultzatzen gaituena.